XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eta ezkontza harekin, bidean izozturik geratu zen eztei ostea berriz ere martxan jarriko ote zen esperantza.

Izaten zuen tarteka albaniarren eta serbiarren arteko harremanak, pixkaren bat besterik ez bazen ere, hobetuko ote ziren esperantza, dio Kadarek Martin Shkreli-z ari dela, laugarren kapituluan.

Baina ez zion esperantza hark luze irauten, eta ezertan sinesten ez zuela geratzen zen hurrena, ...eta, ziren liburu, musika, Kristo, Romeo eta Julieta guztiak alfer-alferrik izango zirela iruditzen zitzaion orduan, ez zutela inoiz elkar maiteko eta.

Hala eta guztiz ere, bai, sinesten dut erantzuten dio Mark Rugova estremistari, artean ere Eskilok justiziari buruz esaten dituen txorakerietan, haren errebantxaren kontrako jarreran..., sinesten al duen galdetzen dionean besteak.

1997ko martxotik 1998ko martxora bitartean idatzi zuen hemen aipatu den hirugarren liburua, Trois chants funebres pour le Kosovo, hiru kontaera laburrez osaturik dagoena.

Jadanik gerra saihetsezina zela igarrita idatzi zuen nonbait, eta hain zuzen ere beste gerra edo gatazka bat darabil harian: 1389ko ekainaren 28an, Zozo zelaia deritzan lekuan serbiarrek, albaniarrek, bosniarrek eta errumaniarrek otomandarren kontra galdu zuten gatazka eguna eta ondorengoak.

Zergatik ez ditugu gaur ere konponezinak alde batera uzten, eta ez gara orduan bezala elkartzen?, dirudi esan nahi duela gertaera hura berritzean.

Baina honetan ere ez da herra aldarrikatzen duenik falta.

Oraingoan rapsodak berak dira, hain zuzen, nahiz eta gero erdi adiskide modura agertu, gorrotoa aldarrikatzen dutenak.

Zutitu, albaniarrak, serbiarrek Kosovo kendu nahi digute eta, zutitu, serbiarrak, albaniarrek Kosovo kendu nahi digute eta, diote Gjorg Shkreli, rapsoda albaniarrak eta Vladan, rapsoda serbiarrak.

Le cortege de la noce... kontaerako izen berak berriz ere.

Zergatik? Beste kontu bat da hori.

Geroztik albaniarren eta serbiarren artean gertatu dena, gutxi-asko, denok dakigu gaur.

Antza denez, erruduna eta errugabea zein eta zenbateraino diren ezin jakin ahal izateraino gaiztotzen denean auzi bat alferrik da hura biktimarik gabe konpontzen saiatzea.

Diren liburu (itzuli edo bestelako), musika, Kristo, Romeo eta Julieta guztiak alferrik dira orduan. Hala ote?